Bloga

Lasarte-Oria Bai Kroseko irabazle guztien artean 1.000 € jasoko dituzte erosketa-txarteletan Aterpeako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko

2019an hasitako ohiturarekin jarraituz, aurten ere, urriaren 27an jokatuko den Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian irabazle suertatzen diren korrikalarien artean 1.000 € banatuko ditugu erosketa-txarteletan. Kategoria ezberdinetan lehenengo hiru sailkatuek jasoko dituzten txartelak Aterpeako establezimenduetan erabili ahalko dira 2024a bukatu aurretik.

Ekimen honekin trofeoetarako aurreikusita dagoen diru kopurua herrian erosketak sustatzera bideratuko dugu. Lasterketaren filosofiarekin bat egiten duen erabakia da, herriarekin eta herriarentzat. Krosa Lasarte-Oriako herriari egiten diogun ekarpen modura ulertzen dugu, eta, Aterpeako komertzioetan erosketak bideratzeko erabakia bide beretik doa. Kros nagusiko lehenengo hiru sailkatuek jasoko dute erosketa-txartela, sailkapenaren eta kategoriaren arabera, 60 €, 40 € edo 20 €koa izango da.

Aterpeak ere begi onez hartu du gure erabakia eta esker oneko hitzak izan ditu. “Urriko azken igandea berezia da Lasarte-Orian, eta hori Krosari eta Ostadarri zor diogu. Aterpeatik oso eskertuak gaude ekimen honekin, tokian tokiko komertzioari ikusgarritasuta emateaz gain, gure lanari bultzada ematen diolako”, adierazi dute.