Bloga

Lasarte-Oria Bai! Krosa badator

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 20. edizioa urriaren 25ean izango da

 

  • Izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxean egin behar da, datorren asteartetik aurrera
  • Aurtengo edizioan 1 zenbakidun dortsala DYAk laguntzaileek eramango dute
  • Korrika Festan izena ematen duten haur guztiek izango dute parte hartzeko aukera

 

Ostadar Saiarre Kirol Taldeak Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XX. Edizioa aurkeztu du. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo nobedade nagusiak bi izango dira: batetik, izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxera lekualdatu dela, eta bestetik, Korrika Festan izena ematen duten haur guztiek izango dutela parte hartzeko aukera. DYAko laguntzaileek eramango dute 1 zenbakia.

 

Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaren XX. edizioa urriaren 25ean korrituko da, goizeko 10:30ean hasita –gurpildun aulkikoak bi minutu lehenago aterako dira– eta azken edizioetako ohitura mantenduz, lasterketa hasi aurretik korrikalari guztiei agurra dantzatuko zaie. Irteera puntua Frutas Ruiz fruta-dendaren parean izango da, eta helmuga berriz, Okendo plaza iritsi baino pixka bat aurrerago (Laubide bezala ezagutzen den bidegurutzean). Parte-hartzaileek 10.500 metroko ibilbidea bete beharko dute.

 

Horraino ez da nobedaderik. XX. edizioko berrikuntza nagusiak bi dira. Batetik, izen-ematea Ostadarren egoitzatik Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegira lekualdatu dela. Antolatzaileen esanetan, “aldaketarekin gure egoitzan sortzen ziren jende pilaketak ekidingo dira, eta batez ere, erosotasunean irabaziko da. Alegia, zerbitzu hobea emango dugu”. Bigarrena Korrika Festari dagokio, aurten ez baita mugarik jarriko. “Azken edizioetan haur batzuk korritu ezinik geratu dira dortsalak amaitu direlako. Egoera aztertu dugu, eta ohartu gara antolakuntzak bere gain har dezakeela kanpoan geratu diren haurren inskripzioa. Modu horretan, guztiek izango dute parte hartzeko aukera”.

 

Prentsaurrekoan aurreratu dutenez, aurten ere denbora neurtzeko txipa dortsalak eramango du integratuta. “Joan den edizioko frogarekin gustura geratu ginen: erosoagoa da, fidantzarik ez da hartu behar, azpiegitura aldetik errazagoa da eta apenas egon zen akatsik”, adierazi dute. Gauzak horrela, txip horirik ez da onartuko.

 

Izen-ematea, asteartetik aurrera

Aurkezpen ekitaldian aurreratu dutenez, izen-ematea asteartean, urriaren 13an, zabalduko da. Korrikalariek bi asteko epea izango dute izena emateko, baina antolatzaileek “azken unera arte ez itxaroteko” gonbitea egin diete.

 

Izena emateko aukera ugari daude. Astean zehar Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian astelehenetik ostiralera (17:00etatik 20:00etara) eta hilaren 17an (11:000etatik 13:00etara) egin daiteke; www.ostadarskt.org edo www.sailkapenak.com web orrialdeetan eta lasterketa egunean Mitxelingo frontoian (9:00etatik 10:00etara).

 

Izen-emateak 12 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 8 euro. Azkeneko egunerako uzten dutenek –kasu guztietan–, 20 euro ordaindu beharko dituzte.

Partehartzaileek dortsalak eta kamiseta teknikoak lasterketa bezperan eta lasterketa egunean jaso behar dituzte Mitxelingo frontoian; larunbatean, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30etara. Igandean, berriz, 9:00etatik 10:00ak arte. Horren harira, korrikalari guztiei, eta batez ere herritarrei mezu hau helarazi nahi izan diete: “Ahal duzuen neurrian jaso beharrekoa lasterketa bezperan jaso; modu horretan lasterketa egunean lasaiago ibiliko zarete eta guk ere igandeko korrikalari ilarak saihestuko ditugu”. Era berean, dortsalak eta kamisetak jasotzeko egiaztagiriren bat aurkeztea derrigorrezkoa dela gogorarazi dute. “Internet bidez izena ematen dutenek, NAN, ENHA edo bestelakoren bat; eta lokalean izena ematen dutenek, bertan jasoko duten agiria”.

 

Bat zenbakia, DYAk

Lasterketaren aurkezpenean, antolatzaileek 1 zenbakia banatu dute. Aurtengoan DYAko laguntzaileek eramango dute. Orain arte 1 zenbakia beti eraman dute parte hartzaileek. Aurtengoa salbuespena da. “DYAk 20 urte egin ditu gurekin. Aurtengoa urte borobila denez, emandako laguntza eskertzeko modu egokia dela iruditzen zaigu nolabaiteko errekonozimendu publiko hau. Eta bide batez, etorkizunean elkarlanean jarraitzeko gonbita ere bada”.

 

Amaitu aurretik, Ostadar S.K.T.ak eskerrak eman dizkie lasterketa antolatzen eta lasterketa egunean laguntza emango duten guztiei. Eta nola ez, lasterketa aurrera ateratzeko babesa eman duten guztiak izan dituzte gogoan, “bereziki Etxezarreta harategia, Avenida taberna, Frutas Ruiz fruta-denda eta Lasarte-Oriako Udala. Gehienak herriko komertzio txikiak izan arren, enpresa handiak bezala portatzen direlako”.

 

Lasarte-Oriako Udalak Tratu On Bat markaren bidez laguntzen du lasterketa. Aurten, gainera, Aterpearekin bideratutako elkarlanari esker, parte-hartzaile bakoitzak bost euroko beherapen txartela jasoko du herriko zenbait komertzioetan trukatzeko. Modu honetan, Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiak, kirola sustatzeaz gain, herriko merkataritza eta ostalaritza indartzeko ekimen bezala finkatzen da.

 

Elkarlana aipatuta, Ostadar S.K.T.ko arduradunek nabarmendu dute Plaza Dantza ekimeneko arduradunekin hitz egiten aritu direla, krosa eta dantza saio herrikoia uztartzeko helburuarekin. Bi ekimenak leku eta ordu berean egiten direnez, urriko dantza saioa arratsaldera pasa da. Beraz, egun borobila izango da urriaren 25ekoa. Goizean, krosa; eguerdi partean, bazkaria; eta amaitzeko, 18:00etatik aurrera dantza saioa Okendon.

 

Korrika Festa

Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Korrika Festaren XV. edizioa hasiko da. Aurrez esan bezala, aurten ez da mugarik jarriko eta izena ematen duten korrikalari guztiek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Partehartzaileak sei mailatan banatu dituzte, eta adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte. Izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egin behar da. Haur bakoitzak 5 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta bat, domina bat, gailetak eta edateko jogurt bana jasoko dituzte.