Bloga

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoirako izen-ematea zabalik dago

  • Urriaren 27an jokatuko da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXVII. edizioa
  • Izen-ematea zabalik dago internet bidez kronoak.com web gunean eta urriaren 18tik aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxean egiteko aukera izango da
  • Betiko ibilbidea berreskuratuko da

 

Ostadar Saiarre Kirol Taldeak Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXVII. Ediziorako izen emateak zabaldu ditu dagoeneko. Azkeneko edizioetan bezala, lasterketak modalitate ezberdinak izango ditu: Roller lasterketako seigarren edizioa eta Ipar Martxako laugarrena. Eta eguna borobiltzeko, Korrika Festaren 22. edizioa ospatuko da.

Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaren XXVII. edizioa urriaren 27an korrituko da, goizeko 10:30ean hasita. Aurkez edizioetan bezala, korrikalariak, patin-lasterkariak eta Ipar Martxako ibiltariak izango dira Geltoki kaleko irteera puntuan (iaz bezala, Ostadarren bulego paretik aterako da). Helmuga berriz, Okendo plazaren sarreran. Parte-hartzaileek 10.000 metroko ibilbidea bete beharko dute (Ipar Martxako ibiltariek, 5.000 metro).

Iazko edizioan antolakuntzak ibilbidea aldatu behar izan zuen azken astean, Oriako zubia erausi zutelako. Baina, aurten, azken urtetako ibilbidea berreskuratuko dute. Hau da, lasterketa Hipodromo eta Zubietatik barrena igaroko da.

Izen-ematea, zabalik

Dagoeneko zabalik da izen-ematea, baina momentuz Internet bidez baino ezin da egin kronoak.com web orrialdean. Urriaren 18tik aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egiteko aukera zabalduko da, 17:00etatik 19:30era –astelehenetik ostiralera–. Urriaren 26ean, berriz, Mitxelingo frontoian egin ahal izango da (11:00-14:00 eta 17:00-19:30), lasterketa egunean bezala (9:00-10:00). Izen-emateak 15 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 10 euro. Azkeneko egunerako uzten dutenek –kasu guztietan–, 23 euro ordaindu beharko dute.

Partehartzaileek dortsalak, kamiseta teknikoak eta horrela egokituz gero, sariak (herriko taberna, jatetxe, okindegi eta komertzioek eskainitako opariak; Reala, Bera Bera Super Amara eta GBC ikusteko sarrerak; eta abar), lasterketa bezperan eta lasterketa egunean jaso behar dituzte Mitxelingo frontoian arestian zehaztutako ordutegian.

Korrika Festa

Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Korrika Festaren XXII. edizioa hasiko da. Izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egin behar da, urriaren 18tik aurrera 17:00etatik 19:30era. Haur bakoitzak 7 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta tekniko bana eta lasterketa amaitzean, bestelako opariak izango dituzte.

Lehenengo lasterketak kadete (2009-10an jaioak) eta infantil (2011-12) mailako korrikalarienak izango dira, eta bi lasterketa horiek amaitzean, 2019an jaiotakoak, 2017-18, 2015-16 eta 2014-13 urteetan jaiotakoak aterako dira. Adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte partehartzaileek.