Bloga

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 27. edizioak bi lasterketa hartuko ditu: korrikakoa eta Ipar Martxakoa

 

  • Lasterketa urriko azkeneko igandean, hilaren 27an, jokatuko da eta datorren astean zabalduko Manuel Lekuona Kultur Etxeko izen-ematea; online egiteko aukera zabalik dago
  • Antolakuntzak Ormazabal lore-denda omenduko du bere mendeurrenean 1 dortsalarekin
  • Aurtengo edizioan ez da Roller lasterketarik izango

 

Urriaren 27an Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 27. edizioa jokatuko da. Lasterketa 10:30ean abiatuko da Geltoki kaletik eta, ohikoa den bezala, partehartzaileek 10 kilometroko ibilbidea osatu behar dute Okendo plazako helmuga puntura iristeko. Aurtengo edizioan bi lasterketa jokatuko dira: korrikakoa eta Ipar Martxakoa (azken hauek bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute).

 

Aurtengo edizioak nobedade batzuk dakartza. Batetik, ohiko ibilbidea berreskuratuko dugu. Iaz, Allerruko zubian egin behar ziren zaharberritze lanak tarteko, azken unean ibilbidea aldatu behar izan genuen. Lasterketa ondoren egindako balorazioan ohiko ibilbidearekin jarraitzea lehenetsi genuen, eta, horrela egingo dugu. Beraz, partehartzaileek Hipodromo atzeko tartea osatu beharko dute Zubietara iritsi aurretik.

 

Bestetik, Roller lasterketarik ez dela izango. Lasterketa egutegian aldaketak izan dira eta egun berean beste lasterketa luzeago bat jarri dute, Rollerren beharretara hobe egokitzen dena. Gipuzkoako Irristaketa Federaziotik deia jaso genuen, roller batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan, eta lasterketa ez antolatzea gomendatu ziguten, gehienak beste lasterketara joango direla aurreikusten baitute. Erabakia hartzea kosta zaigu, baina, azkenean, bertan behera utzi dugu. Baina datorren urtean rollerrak gure artean ikusi nahiko genituzke.

 

Lasarte-Oria Bai! lasterketak bere gizarte izaera sendotzen jarraituko du eta Fibromialgia abordatzen! ekimenarekin bat egingo duela aurreratu dute. Beñat Garcia herritarra fibromialgia gaixotasunari ikusgarritasuna emateko lanean ari da kirol erronka ezberdinak gauzatuz, eta, urriaren 27an gure Lasarte-Orian izango da korrika. Horrez gain, ekimenaren berri emateko informazio-orriak banatuko dira partehartzaileen artean eta ekimenaren merchandisinga saltzeko postu bat jarriko da Okendo plazan.

 

Aurrez iragarri bezala, 27. edizioan 1 dortsala Ormazabal lore-dendarentzat izango da, bere mendeurrenean.

 

Izen-ematea

Dagoeneko zabalik dago online aukera (www.ostadarskt.eus webgunean) eta datorren astetik aurrera, urriaren 21etik 25era, biak barne, Kultur Etxean ere aukera eskainiko da, 17:00etatik 19:30etara. Lasterketa bezperan, berriz, Mitxelingo kiroldegian egongo da izena emateko aukera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era (eta baita lasterketa egunean ere, 9:00etatik 10:00etara).

 

Prezioak, aurreko edizioko berak izango dira: 10€koa Ostadarreko bazkideentzat eta, 15€koa, gainontzeko guztientzat (lasterketa egunean 23€ guztientzat). Izena ematen duten guztiek kamiseta tekniko bat jasoko dute opari (lasterketa bezperan edo lasterketa egunean jaso behar da Mitxelingo frontoian) eta Lasarte-Oriako taberna, jatetxe, okindegi eta bestelako komertzioek eskainitako oparien zozketetan parte hartzeko aukera izango dute. Baita Reala, Bera Bera Eskubaloia eta Gipuzkoa Basket ikusteko sarrerak ere. Oparien zozketa urriak 25 arte izena eman dutenen artean egingo da, beraz ez utzi azaken momenturako.

 

Korrika Festa

Helduen lasterketak amaituta, Korrika Festaren 22. edizioaren txanda izango da. 12:00etatik aurrera 1.000 neska-mutil inguru espero dira korrika sei kategoria ezberdinetan: kadeteak (2009-10), infantilak (2011-12), 2019an jaiotakoak, 2017-18an jaiotakoak, 2015-2016an jaiotakoak eta 2013-2014an jaiotakoak. Lasterketen hurrenkera horixe izango da eta adinaren arabera, 1.200 eta 100 metro arteko lasterketak egingo dituzte.

 

Korrika Festan parte-hartzeko izen-ematea urriaren 21ean zabalduko da ere. Dortsalak Kultur Etxean eros daitezke, 7 euroko prezioan. Trukean, kamiseta tekniko bana jasoko dute eta lasterketa amaitzean, bestelako opariak izango dituzte.